Malko ilarra
Gore-goreneko produktua
Kolore berde bizi eta distiratsua. Testura samur eta delikatua. Zapore gozo eta atsegina. Malko-ilarra maitemintzen gaituen bitxi berdea da, errezeta bakoitza esperientzia gastronomiko ahaztezina bihurtzen duena. Donostiako bi jatetxe ospetsurekin hitz egin dugu. Beren kartetan produktu zoragarri hori dute, San Martin Merkatuko baserritarrei erosia.
«Gure bezeroek gehien espero izaten duten plateretako bat da»
Narru jatetxeak oso gogoko ditu bertako eta sasoiko merkatuko produktuak; beraz, urteko sasoi honetan, malko-ilarra da protagonista haien sukaldean.
BITXI BAT. «Malko-ilarra sasoiko bitxietako bat da, eta bezeroek gehien espero izaten duten plateretako bat. Balio gastronomiko handia du, produktuaren kalitatea eta zaporea dela eta. Malko-ilarra probatzen baduzu, berriro errepikatu nahiko duzu».
KONTU HANDIZ. «Narrun, produktuaren zaporea nabarmentzen saiatzen gara, estali gabe. Bereziena produktuaren kalitatea da. Kontu handiz egiten dugu lan produktuarekin, ez baitugu nahi horren berezia den zaporea estaltzerik. Behar-beharrezkoa bakarrik kozinatzen dugu, zaporeak ahoan eztanda egin dezan».
OSO ESKATUA. «Arrakasta handiko platera da gure jatetxean, eta bezero askok gogotsu espero izaten dute sasoia. Kartatik kanpo dugu, produkzioak ez baitu askorako ematen. Hain zuzen ere, horrek bihurtzen du produktua paregabe eta berezi».
ZORROTZA. «Atzean lan handia duen produktua da; ernetzen denean biltzen da, eta ez zaio gizentzen uzten. Azken finean, lan asko eskatzen duen produktua da, oso uzta txikikoa —sasoiaren eta naturaren baldintzen mende baitago— eta gozo-gozoa. Guk Altzueta Barazkiak-eko Irune Berakoetxeari erosten dizkiogu, nahi ditugun baldintzak betetzen dituelako: freskoa, kalitatekoa eta 0 km-koa».
«Ahoan eztanda egiten duten bolatxo gozoak dira».
Bella Bowring eta taldea, Geralds Bar tabernakoak, erabat maiteminduta daude Gipuzkoako baratzarekin. Horregatik, egunero berritzen duten kartan leku berezia dute Goiatz Erribera baserriko Aitziber Almandoz baserritar gaztearen baratzeko malko-ilarrek. «Aitziberrek ez du parekorik. Mikelek eta biek asko zaintzen dute egiten dutena, oso langileak dira, eta pertsona bikainak. Oso harreman polita sortu dugu haiekin, eta ez dago hitz nahikorik zer ondo aritzen diren azaltzeko».
«Jendeak oso gustuko du malko-ilarrekin egindako edozein plater, eta maiz harritu egiten da horiek prestatzeko ditugun moduekin. Askotariko platerak egiten ditugu, hala nola zainzuriak ilarrekin, tipuletak ilarrekin eta tagliatelleak ilarrekin, baita txigorkia ilarrekin eta txirlekin ere. Malko-ilarrak oso gozoak dira, ahoan eztanda egiten duten gozokiak, landare-kabiar modukoak. Balio gastronomiko handia dute».