San Martin-go azkenengo berriak

Emi eta Xabi, Balantxa Baserria: “60 urte baino gehiago daramatzagu San Martin Merkatuan”

Asteazkena, Ekaina 22, 2022

Unibertsitatean Arkitektura ikasketak burutu arren, Xabier Ezeiza Mendinue-tak Hernanin dagoen Balantxa Baserriko baratzean jardutea erabaki zuen, familia-ren ohiturari jarraituz. Emi Mendinueta amarekin aritzen da eta produktuak gure merkatuan saltzen dituzte. Haien baratzan izan gara gertuagotik ezagutzeko.

Gazte gutxik aukeratzen dute baserrian aritzea? Zuk bai, ordea. Zergatik? Nik unibertsitateko ikasketak ditut eta hamar urte inguru egin dut lan arkitekto bezala. Esperientzia horrek erakutsi dit gainontzeko lan aukerek bere alde onak eta txarrak dituztela. Baserriak esfortzu handia eskatzen du eta gehienbat, lotura. Egunero edo ia egunero egin behar izaten dugu lan, urtaroaren arabera, eta ez da erraza hau familiarekin uztartzea. Baina ongi antolatuta, hau eramangarria izan daiteke eta orduan, baserriko lanaren alde ona nagusitzen da. Nire erritmora, familiatik gertu eta gustuko dudan horretan lan egitea ezin hobea da. Gainera, baserriak etorkizuna izan dezan, lagungarri izan naitekela iruditzen zait.

Egungo bizimoduarekin baserritik bizitzea zaila izango  da, ezta? Egia da gizartean gero eta denbora gutxiago dagoela etxean kozinatzeko eta guk saltzen ditugun produktuen gehiengoak, horretarako denbora pixka bat eskatzen duela, baina ez nuke zaila bezala definituko. Egungo bizitzan, gero eta gehiago zaintzen da gure elikadura eta honen jatorria. Ezagunak diren produktu ekologikoez gain, gero eta gehiago dira produktu industrialen aurrean, bertako nekazari txikien alde egiten dutenak. Eta ikuspuntu horretan, baserritarrok badugu gure tokia.

Nola ikusten duzu baserri munduaren etorkizuna? Azken urteetan eta bereziki azken hilabeteetan asko okertu da nekazaritza eta abeltzaintzatik bizi garenon egoera. Gure produktuen ekoizpenerako behar diren lehengaiak asko garestitu dira eta gure lanaren errentagarritasuna gero eta txikiagoa da. Hori, urtetik urtera beherantz doan baserri kopuruan islatzen da. Baina etorkizuna ikuspuntu positibo batetik ikusten dut. Tamalez, baserritik biziko garenok gutxi izango gara, baina gutxi horiek aukera asko edukiko ditugu, dudarik gabe.

Zein da Balantxa Baserria eta San Martin Merkatuaren arteko harremanaren historia? Noiztik saltzen dituzue zuen produktuak merkatuan? Zehazki zenbat urte diren jakitea zaila da, baino 60 urte baino gehiago daramatzagu San Martin Merkatuan saltzen. Aurreko baserriko arbasoen jardunari eutsiz, amona (Cecilia Urretavizcaya) hasi zen saltzen merkatu zaharrean, aitonak seme-alabekin batera baserrian ekoitzitako barazki eta gainontzeko produktuak. Ondoren, nire amona erretiratu eta nire aitak hartu zuenean baratza lantzearen ardura, orain dela 30 urte inguru, nire ama (Emi Mendinueta) jarri zen barazkien salmentan merkatuan. Eta horrela jarraitzen dugu gaur egun.

Saltoki ona al da San Martin  Merkatua? Beste bide batzuez ere baliatzen garen arren gure produktuak saltzeko, San Martin Merkatua beti izan da nagusia eta horrela jarraitzea espero dugu. Aukera bikaina da gure barazkiak Donostia inguruko jendeari iristaraztea. Horrelako hiriguneetara salmenta zabaltzea ez da erraza, are eta gutxiago gu bezalako nekazari txikientzat. Merkatua kokapen ezin hobean egoteaz gain, instalazio aproposak eskaintzen dizkigu gure salmentetarako. Eta bai, San Martin merkatu ona dela esan daiteke, gehien bat, Donostiako biztanleen artean oraindik mantentzen delako baserritarren produktua erosteko joera; gure lana errespetatzen dute eta gure produktuak aintzat hartzen dira.

 


 

Banatu

Petits pois au jambon et à l’oeuf mollet Gehiago ikusi
Txipiroi kurruskariak lima eta zilantro ongarriarekin Gehiago ikusi