Gaikako bilketa, lehentasuna merkatuan
Zaborra hondartzetan, arrainak tripetan plastiko-hondarrak dituztela, kalitate okerreko airea hirietan… Ingurumena babesteko gure harri koskorra jartzea da gure helburuetako bat. Horregatik, buru-belarri jarduten dugu gure eguneroko zereginetan sortzen ditugun hondakinak gaika biltzen.
2021ean, 130 tona hondakin jaso ziren merkatuko bilketa-puntuetan, honela banatuta: papera eta kartoia (117 tona), porexa (7,49 tona) eta plastikozko filma (4,74 tona). Zabor-kantitate izugarria pilatzen da merkatuan eguneroko jardunean, eta ondo bereizi behar da hori. Honela mintzatu zaigu Rafa González, San Martin Merkatuko birziklatze-instalazioaren arduraduna: «Hiru urte daramatzagu hondakinak biltzeko prozesuak hobetzen, eta oso emaitza onak ari gara lortzen. Hondakinak biltzeko instalazio bat sortu dugu, non material bakoitzak bere lekua baitu; horrela, errazagoa da handizkarientzat behar bezala birziklatzea». Izan ere, bereizitako guneak daude zabor-mota bakoitzarentzat, baita zabor organikoarentzat ere: hozkailu handietan biltzen da, usteldu ez dadin.
San Martin Merkatuko zuzendari Miren Celayak adierazi duenez, «Jasangarritasunaren eta planeta babestearen aldeko apustua da gure jarduera-ildo nagusietako bat. Zoragarria da ikustea San Martin Merkatuan ingurumenaren aldeko zerbait egiten ari garela, hain zuzen ere guztiok noranzko berean arraun eginda birziklatzearen arloan».