Helmuga solidarioa: Maroko
San Martin Merkatua da Yannik Briones eta Iker Gastaminza donostiarren abentura solidarioaren babesle nagusietako bat. Unibertsitateko bi ikasleek Maroko zeharkatuko dute automobilez, iparraldetik hegoaldera, Sahara basamortuko herrixka pobreenetara materiala eramateko.
Arabiar herrialdeetako esaera zahar batek dio lau gauza daudela inoiz itzultzen ez direnak: jaurtitako bala bat, esandako hitz bat, iragandako denbora eta aprobetxatu ez den aukera. Horregatik, Yannik Brionesek eta Iker Gastaminzak Saharako basamortua zeharkatzeko ametsa beteko dute UniRaid unibertsitateko ikasleentzako rally solidarioak eskaintzen dien aukera baliatuta. Basamortuko herrixka pobreenetara elkartasunezko materiala eramatea da ekimenaren helburua.
LAGUNAK. “Lagun berak ditugu, eta biok atsegin ditugu automobilak eta motorrak. Bi gauza horiek batzen gaituzte. Unibertsitateko ikasleentzako rallyaz hitz egin zigutenean ez genuen zalantzarik egin. Kirola biziki maite dugu biok, baina inoiz ez dugu rally batean parte hartu”.
AITZINDARIAK. “Uniraid ekimenak baditu urte batzuk, eta arrakasta handia izan du, baina gu gara parte hartuko duten lehenengo donostiarrak”.
AUTO ZAHARRA. “Rallyan parte hartzeko baldintzetako bat da 20 urte baino gehiago dituen automobila eramatea; izan ere, garrantzitsuena ez da lehenbailehen iristea, kalitate oneko materiala ematea baizik, batez ere haurrei: jostailuak, arropa, oinetakoak eta eskola-materiala”.
IBILBIDEA. “Donostiatik Algecirasera automobil honetan joango gara. Han Tangerrerako ferrya hartuko dugu, hiri hori izango baita abiapuntua. Gero barrualdetik zeharkatuko dugu Maroko, Atlasetik Erg Chebbi basamorturantz. Bertan, antolatzaileek aurretik hautatutako herrixketan utziko dugu eskola-materiala eta elkartasunezkoa. Marrakexen geldialdia egin ondoren, Tangerrera itzuliko gara. Hor bukatuko da ibilbidea eta 2018ko Uniraiden izango dugun parte-hartzea. Guztira 7 etapa izango dira, 2018ko otsailaren 24tik martxoaren 4ra”.
SAN MARTIN MERKATUA. “Automobila 500 eurotan erosi genuen. Zaragozan erosi genuen, baina basamortua zeharkatzeko prestatzeko 6.000 euro behar genituen. San Martin Merkatuak gure babesleetako bat izatea onartu zuen, ekimen solidarioa baita. Eta guk zinez eskertzen diogu eman digun laguntza”.