San Martin-go azkenengo berriak

Lizardi Baserria:baratza ekologikoa, osasuna eta ingurumenaren aldeko apostua.

Asteartea, Urria 11, 2022

Babarrun txuria, kalabaza, porruak, berenjenak… Lizardi Baserriko baratza puri-purian dago. “Izotza etorri arte, azaroa arte, baratzaren garairik onen  da hau”, dio Joxan Olanok. Bera baratzen ibiltzen da beste bi lagunekin. Eta Javik, koinatuak, San Martin Merkatuan saltzen ditu altxor ekologiko hauek.

PRODUKTORE ZUZENAK. “Produktu ekologikoen kontsumoa handitu da azken urteotan, bai, baina eskaintza ere bai, beraz konpetentzia gehiago dugu. Gu geu garena jarraitu dugu izaten eta gure bezeroek eskertzen dute. Supermerkatu ekologikoen aurrean dugun abantaila freskotasuna eta konfiantza dira. San Martin Merkatuan saltzen duguna bezperan gure baratzan jaso dugu. Fresko-fresko. Gu produktore zuzenak gara eta horri esker ere prezioak egokitzeko aukera dugu”.


KONTSUMITZAILE KONTZIENTEAK. “Gure bezeroek osasunarekiko eta naturaren zaintzarekiko ardura dute. Dena lotuta dago. Gure produktuak ekologikoak direlako eta badakitelako onak direla osasunarentzat datoz guregana. Jende gaztea era etortzen zaigu, planetaren etorkizunak arduratu egiten die eta”.

PESTIZIDARIK EZ. “Hogei urte daramagu pestizidak erabili gabe. Ardien kakarekin, lastoarekin eta baratzeko elikagaiekin konposta egiten dugu eta gero ongarria. Harraren kontra eta zorrien kontra egiteko ere produktu ekologikoak erabiltzen ditugu”.

BASERRIARREN ETORKIZUNA. “Panorama latza da. Saltzen diguten bizimodua eta baserriaren bizimodua oso bestelakoak dira. Orain jende gehiena azkar bizi da, lan asko egiten du, lantokietan presioa handia jasotzen du, helburuak soilik ekonomikoak
dira… Guk ere lan asko egiten dugu, baina gure bizimodua oso ezberdina da. Ez da idilikoa, egia da, baina asko betetzen gaitu. Gure lana oso esker onekoa da. Proiektu familiarra izanik, gure artean laguntzen gara etengabe eta giro oso berezia sortzen da”.

Banatu

Tartare de thon Gehiago ikusi
Garaiko ilarrak urdaiazpiko eta arrautzarekin Gehiago ikusi