San Martinen jarri ditu bere lan hiperrealistetako batzuk Mark Jenkinsek
San Martingo azoka hautatu du Mark Jenkins artista urbano iparramerikar ezagunak bere lan hiperrealistetako batzuk erakusteko, eta jende asko inguratu da haiek ikustera.
“Zer esana ematen duten lanak dira; aho zabalik geratzen da jendea, eta era guztietako erreakzioak izaten ditu”, adierazi du, El diario vasco egunkarian, Nerea Aramburuk, azokako gerenteak. “Haurrak eskulturekin jolasean ibili dira; dibertitu egin dira, eta ez dira batere izutu. Ostegun-gauean, Gastropotea aprobetxatuz, azokaren barrura eraman genituen artelanak. Arrakasta handia izan zuten. Gazteei asko gustatu zitzaizkien. Arratsaldean, berriz, artelanak azokaren aurrean zeudela, denden eta kafetegien parean, izutu egin ziren pertsona helduren batzuk, batez ere ‘urkatutako’ mutila ikustean”.
Mundu osoan dabil Mark Jenkins bere lan harrigarriak hiri-eremuetan erakusten. Jenkinsek dioenez, hau da erakusketen helburua: jendeak begiak altxatzea une batez, telefono mugikorrari begiratzeari utzita, eta inguruan daukaten munduaz jabetzea.